IdatziAyudaWeb orriko map

Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntza

  Federakuntza

Historia

 
Jokoa
Berriak Txapelketak eta Ekitaldiak Denda Multimedia Medikuntza Bibliografia eta loturak

 

Intranet

 

Greziatik mundu zabalera

Historialarien arabera, greziarrek jokatzen zituzten joko ugarietako bat pilota zen: “luze eta zabal gozatzen zuten pilotan”. Greziako idazle frankok bere iritzia eman dute pilota jokoaren sorreraz, jatorriaz. Horietako bat Agalis izeneko letragizona izan zen, Kortzira zeritzon uhartekoa (Gaur egun, Korfu). Zehazki, gizon horrek dio printzesa Nausicaa-k asmatu zuela pilota, Ulises gerlaria amultsuki besoetan hartu zuen printzesa hark, alegia.

Homerok ere badakar aipamenik bere Odisea liburuko VI eta VII kantuetan, eta esaten du dontzeilak pilota jokoan jostatzen zirela. “Dontzeilek eta Nausicaak jadanik jateko gogoa ase zutenean, beloak kendu eta elkarrekin aritu ziren pilotan …”. Atenasko harresietan 1926an aurkitutako grabatuan ageri da pilota zeleste jokoaren irudi bat. Ukrainako pilota ere esaten zaio horri eta Kristo aurreko 600. urteko grabatua omen da hura.

Garai hartako pilotak ez zuen zerikusi handiegirik gaur egungoarekin. Baina ia egile guztiek heldu diote kirolen sorrera ikertzeari eta bat datoz esaterakoan greziarrak izan zirela pilotaren asmatzaileak. Alexandro Handiak ere izan zuen bere pilota irakaslea, hots, Aristonikos Karistekoa, Partenoiko Arkupeetan.

Liburuetan ere aipatzen dira greziar eta erromatarren arteko pilota jokoak. Ez da ikerketa handiegirik egin, baina azterlanek diote erromatarrek zabaldu zutela pilota jokoa Europan barrena. Ondorioz, badira pilota jokoak Frantzian, Herbeheretan, Ingalaterran eta Iberiar Penintsulan.

XII. mendean, pixkana-pixkana, gero eta aipamen gehiago egiten da agirietan eta, horien arabera, argi dago pilota zabaltzen ari zela. Alde horretatik, begi bistakoa da Erdi Aroan bazirela trinketak jauregietan, eta nobleen nahiz errege-erreginen artean. Frantzia da aitzindari pilota jokoan, hau da, Frantzian garatu ziren jokoak harik eta gaur egungo jokoekin nola halako antzekotasuna izan arte. Bi modalitate izan ziren, zehazki: “la longue paume” eta “courte paume”.

XII. eta XIV. mendeetan, “paume” jokoa Frantzia osoan zabaldu zen. Pilotaren bilakaera aztertzeaz arduratu zen A. de Luze jaunak lan bat egin zuen 1933an. Ikerketaren arabera, XIII. mendetik XIV. mendera, 300 “tripot” izeneko pilota joko baino gehiago izan ziren. Laxoa jokoaren lehen albisteak Frantziako Iraultzaren garaikoak dira.

Espainian aipamen gutxi dago pilotari buruz. Zerbait idatzi zuten Quevedok, Cervantesek, Calderón de la Barcak, Zabaletak eta abarrek. Goiak badu 1779ko margolan bat, “Pilota jokoa”, gortesauen arteko pala partida ageri duena.

XVII. mendean, pilota jokoa batez ere laxoa zen. Eta XIX. mendearen azken hamarkadan finkatu ziren pilotaren modalitaterik adierazgarrienak: eskupilota, pala, erremontea eta zesta-punta. Modalitate horiek munduko bazter askotara zabaldu ziren eta, horien artean, zalantzarik gabe, zesta-punta izan zen mundu zabalean gehien hedatu zena. Euskaldunek pilota beren kulturarekin batera Ameriketara eraman eta Amerikak harrera ezin hobea eskaini zion pilotari.

XX. mendean, pilotari profesionalak hasi ziren eta pilotari afizionatuen arteko lehiaketak, aldiz, 1925ean. Era guztietako torneo eta txapelketak sortu ziren, federazioek edota enpresek sustaturik. Zaletasuna izugarri zabaldu zen, baina aldian behin izan dira goialdiak eta gainbeherak.

“Amateurren” artean, azpimarratu behar da lehenbiziko Munduko Txapelketa Donostian jokatu zela 1952an eta, orduz geroztik, huraxe izan da pilotako ekitaldirik nabarmenena. Lau urtez behin, pilotan berotasunez eta gogo biziz aritzen diren herrialdeen arteko topaketa da, Munduko Txapelketa, alegia.

 

<< Euskal pilotarean sorrera

© FIPV

Harremanetarako: info@fipv.net